ULMAPackaging-eko Euskara Batzordeen I. topaketa
Gure kooperatibaren balio eta oinarria da euskara. Duela ia 20 urte jarri genuen lehen Euskara Plana abian. Eta urte askoko lanketa egin badugu ere, hizkuntzaren erabilera ez da matematika; ez da lineala. Batzuetan gora egiten duen bezala, faktore ezberdinen eraginez, behera ere egiten du. Horregatik, gure eraikinetan euskararen erabilera sustatzen jarraitzen dugu.
Aurrerapausoak eman dira. Horren adibide da Unai Murgiondok Euskara Batzordeen Topaketaren hasieran eman zuen datua: 2013tik 2023ra bitartean %15 egin du gora euskararen erabilerak, eraikin desberdinetan egindako neurketen arabera.
Hori guztia, Euskara Batzordeetako kideek egindako lan eta ahaleginaren eta kooperatibak hartutako neurri ezberdinen ondorioz izan da posible.
Batzordeetan egin den lana eskertu asmoz, irailaren 12an, Euskara Batzordeen I.Topaketa egin zen. Izan ere, gaur egun Ulma Packaging-en hamaika Euskara Batzorde daude abian, eta 45 pertsona inguruk hartzen dute parte heuretan.
Saioa, batez ere, elkar ezagutu eta urte hauetan guztietan egin denaren garrantzia azpimarratzeko izan zen. Bakoitza beretik eta bereari begiratzetik, begirada zabalagoa izateko besteek egiten duten lana ezagutzeko ere baliagarria izan zen.
Elkar ezagutzeko dinamika baten ondoren, hogei urte hauetan izandako mugarrien errepasoa egin zen. Mugarri orokorrez gain, lorpen eta emozioz betetako momentuen denbora lerroa osatu zuten elkarrekin.
Ondoren, Euskara Batzorde bakoitzak bere eragin eremuan eman dituen aurrerapausoak gogoratu eta besteekin elkarbanatzeko tartea ere izan zuten.
Bukaerako hausnarketetan, atzera begiratu eta asko egin dela azpimarratu zen, baina gaur egun ere asko dagoela egiteko. Erronka handiak aurreikusten dira gure hizkuntza gutxituaren normalizazioan, baina, indartuta, lanean jarraitzeko gogoz eman genion bukaera arratsaldeari.